ETHAZI

ETHAZI formakuntza eredu bat da; erronkatan eta elkarlanean oinarritzen den ikaskuntza uztartzen ditu. Ikasleak elkarlanean aritzen dira, eta, proposatutako erronkei aurre eginez ikasten dute. Helburua honakoa da: ikasleak beharrezko gaitasunak lortzea bai etorkizuneko lanbiderako baita egunerokotasunerako ere. Formakuntza eredu honek heziketa zikloaren gaitasunei beste dimentsio bat ematen die; lanbideak berak eskatzen dituen trebakuntzez gain, zeharkako gaitasunak lortzen baitituzte: ekintzaile izatea, diagnostikatzeko gaitasuna, talde lanean aritzea, lanen plangintza egitea, estresa gobernatzea, ardurak hartzea,...


ETHAZIn irakaskuntza beste ikuspegi batetik begiratu behar da. Ikaslea bera da ikaskuntzaren ardatz, bere bilakaeraren protagonista izango da eta irakasleak laguntzaile eta gida rola hartuko ditu erronkak gainditzeko bidean.


Erronken ebazpena ikaslegoa motibatzeko eta ikaskuntzan gidatzeko era bat da. Era berean, erronkaren ebazpenak sortzen dituen gogoetak berak ikaskuntza etapa berriak pizten ditu. Horrexegatik, ETHAZIn, ebaluazioa ikaslegoaren eboluzioan dago.


Metodologia aldaketa honek enpresen eskakizunei erantzuten die; jakintza teknikoa duten langileak ez ezik, arazoak gainditzeko gaitasuna eta bestelako baloreak dituzten langileak eskatzen baitituzte.